Zer da glosategi bat?

abendua 5, 2008

Gu glosategi bat egiten ari gara, Glosategia Komunikazioaren gainean, baina ez digu bat ere kalterik egingo zehatz-mehatz jakiteak zer den glosategi bat.

  • Glosategi. (iz.) Hiztegi txikia da, jeneralean joaten da liburu edo lan akademiko baten amaieran, eta bertan azaltzen dira testuan agertzen diren hitz espezializatuak, ilunak edo erabilera eskasekoak, definizio edo azalpen batez lagunduta.

Hori ikusita, esan dezakegu gurea erabat datorrela bat definizio horrekin.

Advertisements

Zelan jokatu termino polisemikoekin

azaroa 29, 2008

Azaroaren 26an, Uxune Martinezek galdera bat egin zuen taldeko posta zerrendan.

Galdera
Termino batzuk esparru baten baino gehiagotan kokatzea posible da. Zelan landu beharko lirateke? Adibide hipotetiko bat jartzearren: “iturri”
Beraz, sarrera anitzak egin?

  • iturri. (código fuente, source code) (Inform.) Programa bat garatzeko erabiltzen den programazio lengoaia.
  • iturri. (fuente, source) (Kazet.) Informazioaren jatorrizko gunea edo emailea.
  • iturri. (fuente documental, historical document) (Dok.) Informazio osoa biltzen duen jatorrizko dokumentua.

Edota, sarrera bakar baten desberdindu arloak eta esanahiak?

  • iturri. (código fuente, source code) (Inform.) Programa bat garatzeko erabiltzen den programazio lengoaia. (fuente, source) (Kazet.) Informazioaren jatorrizko gunea edo emailea. (fuente documental, historical document) (Dok.) Informazio osoa biltzen duen jatorrizko dokumentua.

Erantzuna
Hiru lagunen erantzunetan gorpuztu zen erantzuna: Egokiena litzateke bigarren proposamena. Eta hor, hiztegietan bezala, zenbakiak sar daitezke, esanahiak bereizteko, baina eremuen hurrenkera alfabetikoa kontuan hartuta. Kasu honetan 1. (Dok.) 2. (Inform.) 3. (Kazet.) Horrela:

  • iturri. 1. (fuente documental, historical document) (Dok.) Informazio osoa biltzen duen jatorrizko dokumentua. 2. (código fuente, source code) (Inform.) Programa bat garatzeko erabiltzen den programazio lengoaia. 3. (fuente, source) (Kazet.) Informazioaren jatorrizko gunea edo emailea.

Adibide ona elkarlanerako

azaroa 24, 2008

Azaroaren 23an, igandea, Berriak Iñaki Goirizelaia elkarrizketatu zuen, EHUko errektoreordea eta hautagaia bertako errektore izateko. Euskal Herriko unibertsitateen sareaz galdetu ziotela, hauxe erantzun zuen:

  • “Oso konplexu ikusten dut goi mailako agintarien arteko akordioak lortzea, eta oso erraz behe mailan lortzea. Hori bultzatu behar dugu, batez ere denok konpartitzen dugun altxorra daukagulako: euskara”.

Seguruenik, Iñaki Goirizelaiak ez du izango glosategi honen berririk. Hala ere, esan liteke gutaz ari dela hitz egiten, guk horixe egin baitugu: itxaron barik goi mailako agintariek akordioak egin ditzaten, geu etorri gara bat proiektu batean parte hartzeko, besteak beste denok euskaraz dihardugulako, bai irakaskuntzan, bai komunikazioan.


Bi hilabetean, 725 sarrera

azaroa 23, 2008

Bi hilabete inguru joan dira sortu genuenetik Glosategia Komunikazioaren gainean. Hori dela-eta, pentsatu dugu ordua zela bertan begiratzeko, zenbat sarrera genuen idatzita. Pentsatu eta egin. Azaroaren 22an, letraz letra joan ginen testua kopiatzen eta Word dokumentu batean pegatzen. Bukatutakoan, hitzak kontatu genituen. Hauek dira emaitzak:

  • Hitzak: 19.568
  • Karakterrak: 160.731
  • Paragrafoak: 725
  • Lerroak: 4.133

Paragrafo bakoitza sarrera bat denez, horrek esan nahi du egun horretan, azaroaren 22ko eguerdian, glosategiak 725 sarrera zituela. Ez dago bat ere gaizki, aintzat hartuta glosategia hazten ari dela, lehen pausoak ematen. Denborak aurrera egin ahala, eta glosategia elikatzen dugun neurrian, argi dago gero eta garrantzi handiagoa izango duela.


Ariketak glosategiari etekina ateratzeko

azaroa 16, 2008

Glosategia sortu genuenetik kezka izan dugu, berau zelan hedatu irakasleen artean. Horregatik, hasi gara ariketak sortzen, irakasleek glosategia erabil dezaten ikasleekin.

Sei ariketa

Dagoeneko sei ariketa sortu ditugu. Lehenengo bostak egiteko, Habe aldizkarian aurkitu dugu inspirazioa. Ikasleek bakarka egin ditzakete, buruhauste handirik gabe, glosategian barneratzen den bitartean:

  • Uztartu definizioak eta kontzeptuak.
  • Hautatu definiziorik egokiena.
  • Egia ala gezurra?
  • Osatu esaldiak.
  • Bilatu sarrera hitzak.

Seigarrena egiteko, berriz, liburu batean inspiratu gara: Collaborative Learning Techniques. Talde matriza da, eta bertan hautatu dugu hiru kontzeptu ikasleek sarri nahasten dituztenak: webguneak, blogak eta wikiak. Ikasleek taldeka landu behar dute matriza, eta emaitzak denen artean aurkeztu.

Ariketa hauek adibideak baino ez dira. Edozein irakaslek beste batzuk antola ditzake, antzekoak, eta beti ere glosategiko sarrera-hitzak eta definizioak erabilita.

Glosategian bertan, informazio iturriak aitortzerakoan, bereiztu egin ditugu bi atal: zer informazio iturri erabili ditugun glosategia bera egiteko, eta zer ariketak prestatzeko.

Kide gehiago
Aste honetan bi kide gehiago etorri zaizkigu glosategira: Jotxo Larrañaga eta Gorka Palazio, biak EHUko irakasleak Komunikazio Fakultatean. Ongi etorri bioi!


Kide gehiago glosategian

azaroa 6, 2008

Glosategi honen familia hazten ari da. Azken aldian honako kide hauek etorri zaizkigu gurekin batera lan egitera:

  • Sergio Azkarate, Euskara arduraduna Goienan
  • Eneko Azkarate, Goienkaria-ko zuzendaria, Goiena taldeak ateratzen duen astekari bat.
  • Pello Esnal, idazlea, irakaslea eta HABEko kidea.
  • Mikel Iriondo. Hona hemen bere aurkezpena: “Egun 39 urte dauzkat, eta nire garaian Arte Ederretan lizentziatu nintzen. Orduz geroztik, gehien-gehien, irakasle gisa jardun dut; plastika, informatika, irratigintza, ikus-entzunezko komunikazioa eta enparauak ematen”. Orain, berriz, ostalaritzan dabil Mikel, baina asko daki tipografiaz eta beste zenbait kontuz, eta prest dago bere denbora librean hemen parte hartzeko, hainbatetan egin duen gisan, iradokizunak-eta egiten.
  • Imanol Irizar, HABEko liburutegikoa eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea.
  • Roberto Kerexeta, Irargikoa eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegikoa.
  • Gerardo Luzuriaga, Eusko Jaurlaritzan dabil eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegian.

Joana Albret mintegiko kideek Dokumentazioa landuko dute, bereziki, eta horretan Uxune Martinez izango dute lagun. Denei ere, gure ongi etorririk beroena!


Creative Commons lizentzia glosategirako

azaroa 2, 2008

Glosategia Komunikazioaren gainean hainbat lagunen artean egiten dugu, bakoitzak bere etxetik edo lantokitik parte hartzen, baina nahi dugu geure lanaren fruitu hau beste batzuek ere erabil dezaten, eta horretarako, erabaki dugu glosategiari Creative Commons lizentzia jartzea, eta horren barruan, Attribution-ShareAlike 2.0 motakoa.

Horren arabera, erabiltzailea libre da material hau kopiatzeko, banatzeko, erakusteko, antzezteko…; deribazioak egiteko, berridatzi edo aldatzeko; lanaren erabilpen komertziala egiteko, kopiak edo deribazioak saltzeko.

Baldintzak
Hala ere, erabiltzaileak aitortu beharko dio egiletza sortzaileari. Era berean, erabiltzaileak egiten badu lan honen deribazioren bat, saltzeko edo banatzeko, egin beharko du honako lizentzia honen baldintza berberetan. Argi utzi beharko ditu lizentzia honen zehaztapenak eraldaketa edo distribuziork eginez gero.

Edozelan ere, egilearen baimena izanez gero, baldintza hauetarik edozein altxa daiteke.