Jakinarazi zaigunez, Glosategia Komunikazioaren gainean sartu egingo da Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoan. Hori da proiektu bat Arabako eta Bizkaiko foru aldundien Euskara zerbitzuek bultzatua, eta banatzen da paperean eta CD formatuan herrialde bietako gazteen artean. 2006an egin zen lehen katalogoa, eta aurten eguneratzea tokatzen da.
Glosategia, Goiena.net-en
Urria 23, 2008Goiena.net albistariak glosategi honen berri eman du gaur. Bi berri aipatzen ditu bereziki: glosategia ireki egin dela, beraz, aurrerantzean Huhezitik haragoko profesionalek eta irakasleek ere elikatuko dute, eta Hitz batez izeneko blog hau sortu dela, glosategiaren osagarri gisa.
Zelan erabili glosategi hau ikasgelan
Urria 23, 2008Nahi dugu Glosategia Komunikazioaren gainean erakargarria izan dadin irakasleentzat, baina horretarako lortu behar dugu berau erabilgarria izatea. Horregatik, zuen laguntza behar dugu. Ideiaren bat edo proposamen bat baldin baduzue zelan erabil daitekeen glosategi hau ikasleekin, eskertuko dizuegu artikulu honen erantzunetan idaztea, zuen proposamenekin atal bat gehiago sortu nahi dugu-eta glosategian bertan, Euskal Herriko irakasleek etekinik handiena atera diezaioten glosategiari.
Proposamenak jasotzen ditugunean, glosategiaren aurkibidean ipiniko ditugu, atal berezi batean; aipatuta, gainera, nork bidali duen proposamen bakoitza, bidaltzaileei aitortu nahi diegu-eta euren ekarpena. Animo, beraz, eta bidali proposamenak!
Erabili formaturik gabeko testua
Urria 22, 2008Zuetariko batzuek arazoak izan dituzue glosategian termino berriak sartzerakoan: harrituta ikusi duzue zelan testua sartu den erabat desitxuratuta, errespetatu barik glosategiaren estiloa. Hori gertatu zaizue jatorrizko testua Word dokumentu batean zeneukatelako, eta kopiatu & itsatsi egiterakoan, Wordek gorde egiten duelako bere formatua glosategian bertan.
Arazo hori saihesteko, onena duzue Worden duzuen testua .txt formatuan gordetzea, alegia, testu huts gisa, batere formaturik gabe. Era horretara, kopiatu & itsatsi egiten duzuenean, testua garbi-garbi agertuko da, glosategiaren estiloan eta tamainan.
Huhezitik harago
Urria 22, 2008Glosategia Komunikazioaren gainean Huhezin hasi zen, baina berehala jaso genituen zenbait eskari gure fakultatetik kanpo, ireki genezan glosategia beste batzuek ere idatz zezaten bertan. Aztertu dugu eskaria, eta onartu egin dugu, hainbat arrazoirengatik:
- Inportantea da adostasun zabala lortzea horrelako esparru batean. Horrek esan nahi du gure fakultatetik harago begiratu behar dugula.
- Adostasunak ekarriko luke erabilera zabala, bai irakasleen partetik, eta baita ikasle eta profesionalen artean ere.
- Erabilera zabal batek, berriz, ekarriko luke lexiko berezi hori lehenago normalizatzea.
- Glosategian lan egiteak lagunduko liguke Web 2.0 tresna esanguratsu batean, wikietan, trebatzea.
- Partekatu nahi dugulako jakintza. Hau pauso esanguratsua izan daiteke bide horretan.
Hori dela-eta, ireki egin dugu glosategia. Gure asmoa da ahalik eta irakasle zein profesional gehienek parte har dezatela glosategi honetan, berdin da non egiten duten lan.
Zer dela eta glosategia
Urria 22, 20082008ko irailaren erdi aldean, bilera egin genuen Informazioa eta Komunikazioa departamenduko kideok, Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultatean. Bilera hartan premia azaldu zen hiztegi bat sortzeko, jasoko zituena zer hitz erabiltzen ditugun Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketetan, askotan ezezagunak euskaraz. Horrela sortu zen premia, glosategia egitekoa.
Begira ibili ginen blog bat egingo ote genuen glosategi hori lantzeko, ala wiki bat. Azkenean, wikiaren alde egin genuen, sinpleagoa eta malguagoa delakoan. PBwiki plataforman sartu ginen, wiki plataforma bat asko erabiltzen dena irakaskuntzan, eta hor sortu genuen Glosategia Komunikazioaren gainean.
Posted by joxearanzabal
Posted by joxearanzabal
Posted by joxearanzabal